Euskera

Herenegun lagun batek idatzi zidan bere paziente bati buruz iritzia eskatzeko. Haur txiki bat da, eta lehen krisi epileptikoa izan du orain gutxi. Nik ere horretan eskarmentua badudala badakienez, nirekin komentatzea erabaki zuen.

Nik bizi izandakoa nola ikusten dudan harekin partekatzea erabaki nuen, eta egia esan ikuspegi hori gaixotasun orori aplikatzekoa dela iruditzen zait.

Eta gaixotasun guztietara zabaltzen dut, gaixotasunak, edozein delarik ere, oinarrian arrazoi bera duela uste dudalako. Zerbait ez dabil beharko lukeen bezala, eta, horren ondorioz, sintomak ageri dira. Sintomak aldatzen dira, eta hainbat diagnostikoren arabera katalogatzen ditugu, baina funtsean arazo bera dago beti: disfuntzioa.

Gutako gehienok sintometan, izenean eta diagnostikoan ahalegintzen gara buru-belarri, sarri askotan arrazoia bera bazterrean utzita. Ez diogu gure buruari zergatia galdetzen, eta gogoetarik ere ez dugu egiten arrazoi hori konpontzeko zerbait egin ote genezakeen ikusteko.

Batzuetan egin daiteke eta beste batzuetan ez, eta aukera bat baino gehiago izaten dugu normalean. Nire ustez ordena da funtsezkoena: amaieratik ez hastea alegia.

Lehenik eta behin, gorputzari bere funtzioa berreskuratzeko bide eman beharko geniokeela iruditzen zait. Arrazoia zein den igarriz. Zerbait jada ez badabil, gorputzari laguntzeko modu bakarra dago. Sintoma edozein delarik ere, helburua beti bera izango da: gorputzari behar duena ematea eta kalte egiten diona kentzea.

Hor Kiropraktika sartzen da jokoan (gainerako sistemak kontrolatzen dituen Nerbio Sistemaren optimizazio gisa). Etxean antzeko zerbait egiten dugu kable-sistema aldatzen dugunean etxetresna elektrikoei ahalik eta etekinik handiena ateratzeko. Elikadura egokiak, atsedenak, ariketak eta bizi-ohitura osasungarriek ere zeresana badute horretan. Gauza horiek berez ez gaituzte osatzen, baina hori guztia beharrezko dugu gorputzak ondo egiten dakiena egin dezan: bere onera ekarri, indarberritu eta osatu. Zuentzat agian harritzekoa da gorputzak trebetasun hori baduela jakitea, baina izan badugu. Barru-barrutik sendatzea esaten diot nik horri. Batzuetan hori ez da nahikoa izaten. Batzuetan gorputzak laguntza behar du, eta horrela bigarren aukeran sartuko ginateke.

Bigarren aukerak suposatzen du gorputzari kanpotik laguntzea. Sintomei aurre eginez, baina naturaltasunez. Eta gure sintomak zeharkako efekturik gabe sendatzeko gauza izango bagina? Hor sartuko lirateke masajeak, osagarriak, homeopatia, naturopatak eta abar.

Hori ere kanpotik sendatzea da eta sintoman zentratuta segitzen dugu, baina aukera osasungarriagoa da nolanahi ere. Terapia alternatiboak dira. Batzuek horrela erabiltzen dute Kiropraktika. Minen bat dutenean, gripea harrapatzen dutenean eta abar. Gure helburua ez da arazoak tratatzea, baina jendeari gorputza indarberritzen laguntzea gauza ederra da.

Batzuetan hori ere ez da nahikoa izaten, eta egia esan zorte handia dugu gure herrialdeetan teknologia aurreratua eta tratamendu mediko eraginkorrak ditugulako. Aurkako efektuak dituztela? Bai, baina batzuetan hori beharrezkoa da. Egia esan ez digute hobeto funtzionatzen laguntzen, baina gure sintomen aringarri dira, eta batzuetan hori beharrezkoa da.

Beraz, nola jakin dezakegu zer egin? Lehenik eta behin zer dugun jakin behar dugu eta adimen irekia eduki, eta, jakina, zeren bila gabiltzan erabaki. Sintomak kendu eta zuzenean arrazoira joan, hobeto sentitzeari garrantzia eman bai, baina gure osasuna hobetzeko helburua ahaztu gabe. Etekina-arriskua erlazioa ere funtsezkoa iruditzen zait. Bihotz irekiko ebakuntza arriskutsua da, baina nire bihotza gelditu bada, argi dago ebakuntzak ekar dezakeen mesedea handiagoa dela suposatzen duen arriskua baino.

Gogoeta txiki bat egingo al dugu? Honako galdera hauek betiere egin beharko genizkioke gure buruari…

-          ez al zaizue iruditzen 3 aukerak aztertzeak betiere merezi duela?

-          gertatzen zaidanaren benetako arriskua ikusten al dugu? 3. aukerarekin hasteak merezi al du ekar litzakeen arriskuak kontuan hartu gabe?

-          behin ere galdetu al diozue zuen buruari zergatik gertatzen zaigun gertatzen zaiguna?

Berri on bat badago, edo hori uste dut nik behintzat: askotan 1. aukerarekin nahikoa izango da eta beste batzuetan ez, baina hirugarren aukeraren alde egiten badugu ere, Kiropraktikaren tresna edo 1. eta 2. aukerak lagungarri izango ditugu prozesuan laguntzeko. Zergatik ez uztartu? Amaieratik ez hastea baino ez dut eskatzen, edota, arazoa konpontzeko, behar baino askoz ere baliabide gehiago ez erabiltzeko, gehienetan egiten dugun bezala. Buru irekiaz jokatu, agian ezezagunak zenituzten edo badauzkagula ere ez zenekiten beste aukera batzuk aintzat hartuz.

Gure osasunaz ari gara azken batean, erosterik ez dagoen gauza gutxietako batez alegia. Gaixotasunak faktore anitzekoak dira, hau da, arrazoi askoren emaitza dira. Batzuk kontrolpean ditugu neurri batean, baina beste batzuk ez, inondik inora. Zergatik ez zentratu konponbidea duten gauzetan? Hemen uzten dizuet gaiari buruz idatzi nuen artikulu bat, noizbehinka irakurtzeak eta gogora ekartzeak merezi duela uste dudalako.

Teknologia eta aurrerapenak gorabehera, gaixotasun asko gora doaz. Estrategia aldatzeko unea iritsi da agian. Eta geuk arduratu behar dugu horretaz, ez gizarteak edo medikuntzak... Gure buruari bestelako galderak egiteko garaia da.

Besarkada bat guztiontzat, eta bereziki premia handiena dutenentzat.