Euskera

Galdera hori modu askotara erantzun daiteke, bakoitzaren nahiaren arabera, eta kontsultan uste osoa dugu zure osasunaren erantzule nagusia zu zeu zarela, eta beraz erabakia zurea dela. Gu zuri laguntzeko gaude hemen, erabaki egoki bat hartzeko behar duzun informazio guztia zure esku jartzeko. Galdetzen badiguzu, gure ustez zuretzat onena zer den ere esango dizugu.

Ondo baderitzozu, jendeak kiropraktikoarengana joateko dauzkan 5 arrazoi nagusiak azalduko ditugu jarraian.

  1. Minak arintzea: pertsona gehienak hemen hasten dira. Gainditu ezinean dabiltzan eta desagerrarazi nahi duten min, ezintasun edo sintomaren bat dutelako.
  2. Zuzenketa: hainbatek beren arazoak arintzea baino ez dute buruan hasiera batean, baina denborarekin lan trinkoago bat egitea erabakitzen dute bizkarrezurraren arazoak zuzentzeko, sintomatologia arintze soiletik haratago.
  3. Eustea: zenbait pertsona, bila zebiltzan arintzea lortu ondoren eta arazo benetan kronikoagoak zuzendu eta gero, kontziente dira egunero estresaren eraginpean gaudela, eta, horren ondorioz, gure gorputza egunetik egunera poliki-poliki “gastatu” egiten dela. Horregatik, lortutako aldaketa horiei guztiei eusteko erabakia hartzen dute.
  4. Arazoen prebentzioa eta detekzio goiztiarra: bizkarrezurraren arazoetako asko isilak dira. Sintomak ezkutuan egoten dira denbora askoan, sarri urte batzuetan. Gure osasuna sentitzen garen modua baino askoz ere gehiago dela ulertu duten pertsonek egiten duten aukeretako bat zera da, sintomak sortu baino lehenago detektatzea gure arazoak.
  5. Gorputzaren ongizatea eta optimizazioa: horrexegatik egokitzen dugu guk gure burua, eta horixe bera gomendatzen dizuegu zuei, zuentzat ere onena nahi dugulako. Zuen burua zaintzeko erabakia har dezazuela, gorputza ahalik eta ondoen eduki dezazuen. Eta gure burua zaindu nahi dugu, hain zuzen, ahalik eta bizitzarik onena edukitzeko eta datorkigunaz ahalik eta gehien gozatzeko, eta ez bakarrik etorkizunean arazorik ez izateko.

5 arrazoi horiek argitzeko adibide bat qjarriko dizuet, guztioi pixka bat lagunduko diguna.

Imajinatu 30 urteko neska batek trafiko-istripu bat eduki berri duela. Benetan esaten dizuet, nabaritu edo ez nabaritu, trafiko istripuak direla subluxazioen eta etorkizuneko lepo-arazoen iturri nagusietako bat. Batzuetan 20 urte igaro arte ere ez ditugu ondorioak nabaritzen, eta kontua da arazoa sintomak baino askoz ere lehenago hasi zela…

Itzul gaitezen neskarekin… 

  • Mina arintzeko, asmoa balu, kontsultara joko luke bere burua egokitzeko eta lepoko mina desagerrarazteko. Jakina, istripuaren ondorioz sintomarik izango ez balu, ez litzateke kontsultara etorriko. Seguruenik subluxazio bat badauka istripuaren ondorioz, baina minik ez duenez ez du aukera hori aintzat hartzen. Agian urte gutxi batzuen ondoren desgasteak dauzkala ikusiko dugu, mugitzeko zailtasunekin dabilela, besoak inurrituta, bertigoekin eta abar, eta hori guztia ornoetako nahasmenduen ondorioz.
  • Bizkarrezurrean izan litzakeen nahasmenduak zuzentzeko asmoa balu, berriz, neska kontsultara joango litzateke lordosi zerbikala berreskuratu arte edota lepoa lehen bezala mugitu arte. Eta behin hori lortu ondoren utzi egingo luke.
  • Imajinatu neska horrek denbora puska bat daramala zainketa kiropraktikoaren eraginpean. Sintomak eduki edo ez, haren fisiologian aldaketa jakin batzuk lortu ditugu, eta estres fisiko berri bat ekarri duen istripuaren ondoren, lortutako aldaketa haiei eusteko behar den lana egitea erabaki du. Dagoen bezala mantentzeko asmoa dauka, eta ez da gutxi.
  • Neska hau oso azkarra da, eta ondo daki istripuen ondorioz arazoak sor daitezkeela epe luzera. Arazo horiei guztiei aurrea hartu nahi dienez, beste behin ere erabaki du istripuen ondorioz etorri ohi diren arazo horiek guztiak prebenitzeko egin beharreko guztia egitea. Orain artean lortutakoari eutsi nahi dio, baina hori ez ezik, etorkizunean arazorik ez izateko egin beharreko guztia egiteko erabakia ere hartu du.
  • Guk azken aukera hori gomendatzen dugu. Neskak denbora darama kontsultan bere burua egokitzen, gorputzari ahalik eta funtzionamendurik onena bermatzeko eta bere nerbio-sistemari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko. Istripu bat eduki du, eta badaki litekeena dela estres fisiko berri horren ondorioz subluxazioren bat sortu izana. Badaki, halaber, subluxazio horiek bere gorputzari eragozten diotela duen guztia ematea, eta horrenbestez beste behin kontsultara joatea erabaki du interferentzia horiek guztiak desagerrarazteko, bere gorputza osatzeko eta, jarraian, sasoi betean jartzeko. Etorkizunean ez du arazorik eduki nahi, baina horrez gain ahalik eta ondoen bizitzeko asmoa ere badu.

Asmoa garrantzitsua da. Zergatik?

Egokitzeen maiztasuna eta gure gomendioak erabakiko dituelako. Guk gomendatzen dizueguna bosgarren aukeran oinarritzen da betiere: hobeto sentitzeko, zuzentzeko, mantentzeko eta prebenitzeko gure ustez zer egin behar den azaldu nahi dizuegu, baina horretan geratu gabe, ordea, ahalik eta bizi-kalitaterik onena lortzen ere ahalegindu behar dugulako, gure gorputzak, poliki-poliki, gero eta ongizate-maila handiagoak lor ditzan.

Denok desberdinak gara, eta maiztasun desberdin bat ere behar dugu. Aldez aurretik ez dugu zehatz-mehatz jakiterik zer beharko duzun, eta ohiko beharretan oinarritzen ditugu beti gure gomendioak, baina hain zuzen ere horrexegatik funtsezkoa iruditzen zaigu etortzen zaren bakoitzean zure nerbio-sistema neurtzea… zure lepoan egingo dugun neurketa horri esker nola zoazen jakingo dugu, zure bilakaera nola doan, maiztasun egokiarekin ari ote garen eta abar.

Zure osasuna zure erantzukizuna da. Gu zuri laguntzeko gaude hemen, ondoen datorkizun erabakia hartzeko behar duzun informazio guztia emateko. Gure ustez zer komeni zaizun gomendatuko dizugu, baina ondo dakigu erabakia zurea dela, eta hautatzen duzun bidea errespetatuko dugu beti.